Leku honetan Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak egiten duen lanari buruzko informazioa aurkituko duzu
Busturialdeko eta Lea-Artibai-ko merkataritza dinamizatzeko martxan jarriko diren ekintzak zabaltzeaz gain beste helburu bat daukagu: denda txiki baten eguneroko kudeaketarako ezinbestekoak diren errekurtsoak hemen bertan aurki ditzakezula, adi bidez, diru-laguntzak, zergak, marketina, merkatal estrategia,...
Informazio hau gazteleraz ere irakurri dezakezu
Pasaden azaroaren 24an denda askok "black friday" ospatu zuten, Gabon aurreko deskontu festa hau dagoeneko finkatu da gure merkatal egutegian, urtarrileko merkealdiak bezala.
Denda bakoitzak egin dezaken balorazioa aldean utzita azpimarratu nahi dugu Asturiasko Arriondas herriko merkatariek egin zuten ekintza. Aurreko ostiralean, azaroaren 16an, herri honetako dendek haien "ostiral beltza" partikularra ospatu zuten.
Ahazteko data baina gogoratzeko eguna
Azaroaren 16an Arriondasko denda guztiak itxita esnatu ziren, baina ez bakarrik itxita, lokalek erakuslehioak paperez estalita zeuzkaten eta "Salgai" edo "Alokagai" kartelak ipinita.
Heri bat dendarik gabe, tabernarik gabe, ileapiandegirik gabe,... kaleko negoziorik gabe. Beldurra ematen zuen herri fantasma zen Arriondas. Argazkiak ikusi.
Protesta eta aldarrikapena
Zorionez sentsibilizazio kanpaina baino ez zen, ekintza bat negozio hauen garrantzia erakusteko, ez bakarrik Arriondas-en, herri guztietan baino.
Dendak , tabernak eta beste zerbitzuko enpresak gure herrietako eta kaleetako gatza dira. Gaurko negozio munduan gogor aritu behar dute zerbitzurik onena eskaintzeko eta gure bizitzari zaporea ematen jarraitzeko.
EGILEA: Borja Escalona
Merkataritzarako Teknikaria
Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Zinemaz hitz egiten dugunean, baina ZINEMA maiuskulaz idatzita, hamaika titulu datoz gure burura: Blade Runner, Kane herritarra, Diligentzia, Star Wars,… guztiak gure kulturaren ikonoak.
Baina film handi hauetan zer edo zer falta da: dendak. Bai, mota askotako dendak agertzen dira baina ez dira protagonistak, antzezlekuak baino ez. Ez daukate eraginik istorioan. Berdin da akzioa leku horietan gertatzea beste edozein lekutan baino.
Baina salbuespenak ere badaude, zinemako kontakizun eta historiak denda bati buruzkoak direnak. Denda hauek filmaren protagonistak dira eta bere gidoiaren erritmoa adierazten dute. Hauexek dira adibide batzuk:
SINOPSIA: Lore-saltzaile batek lore arraro bat aurkitzen du. Lore arraro hori aitzakia, lore-denda hiriko famatuena bilakatuko da, baina loreak sekretu ikaragarri bat dauka.
Komedia musikal honetaz film bi egin dira, 1960 eta 1986 urteetan. Ia akzio guztia denda barruan gertatzen da, lore famatu honen inguruan. Denda istorioaren koprotagonista da, esparru perfektua ipuinaren testuingururako. Hiri baten barruan lore-denda da leku hoberena lore berezi bat edukitzeko eta filmean primeran ikusi dezakegu nola erakargarri, apartekoa eta paregabea den elementuak dendaren salmentak gehitu dezakeen.
SINOPSIA: Heldua izan nahi duen ume batek desio bat eskatzen dio makina magiko bati. Bere desioa beteko da, baina horrek beste arazo batzuk sortuko ditu.
Tom Hanks da ipuin atsegin honen protagonista, gizon baten gorputzaren barruan bizi den ume honek helduen munduan bizi behar du. Hau lortzeko lana aurkituko du ume guztiek lan egin nahi duten lekuan, munduko jostailu-dendarik handiena. Denda hau istorioaren parte bihurtuko da eta aldi berean merkataritzaren ikono bat, egiazko denda bat zelako. Fao Schwarz zeukan izena eta New York-eko Bosgarren etorbideko 767 zenbakian zegoen; barruan Tom Hanks eta bere nagusiak jo zuten piano erraldoia aurki genezakeen. Filma estreinatu zenetik (1988 urtean) denda itxi zen arte milaka pertsona eta turista pasa ziren bai denda bai pianoa bisitatzeko.
SINOPSIA: Emakume exotiko batek txokolate-denda ireki du Frantziako herri txiki eta tradizional batean, laster denda eta bere salgai goxoek herriko bizimodua desorekatuko dute.
2000 urtean estreinatutako filma berezi honetan Juliette Binoche da “Chocolaterie Maya” ireki duen enpresari gaztea. Dendak berak eta bertan saltzen diren produktu gozoek herriko bizimoduan egundoko eragina edukiko dute; denda pixkanaka-pixkanaka istorioaren kokaleku bihurtuko da, herritar batzuentzat zoragarria izango da, beste batzuentzat, ordea, deabruzko obra bat.
SINOPSIA: Istorio surrealista honetan auzoteri arraro bat bisitatuko dugu mundu post-apokaliptiko batean. Auzokide guztien bizitzak haragi-denda berezi batekin lotuta daude modu batean edo bestean.
1991 urtean estreinatutako film honetan auzokide guztien janari iturri bakarra eraikuntzan dagoen haragi-denda da, Delicatessen-a, baina bertan saltzen den haragia ez da Labelekoa. Hala eta guztiz ere, jan egin behar dute eta behar den guztia egingo dute denda irekita eta haragiz beteta egon dadin.
SINOPSIA: Holly Golightly (Audrey Hepburn) oso emakume nabarmena da eta egunero gosaria hartzen du Tiffany's bitxi-dendako erakusleihoaren aurrean. Bere bizitza guztiz aldatuko da Paul Varjack (George Peppard), bere auzokide berria, ezagutu eta gero.
Filmografiaren klasikoa, 1961 urtean estreinatua, Holly eta Paul bere bi protagonisten artean gertatuko den istorio erromantikoa kontatu zaigu. Egia da Tiffany's bitxi-denda ez dela narrazioaren puntu garrantzitsuena, baina izena ematen dio filmari bere bertsio originalean: Breakfast at Tiffany’s.
Denda hau egiazkoa zen 1961 urtean (eta da oraindik), New York-era joaten bazara bere Bosgarren etorbideko 727 zenbakian aurkituko duzu, eta gura baduzu croissant bat jan dezakezu erakusleihoaren aurrean zure gosaria diamanteekin propio gozatzeko.
EGILEA: Borja Escalona
Merkataritzarako Teknikaria
Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Ikusmer, euskal merkataritzaren Behatokiak azterlan bat argitaratu berri du. Azterlan honen arabera, gure herri eta hirietan erosketak egiten dituzten pertsonek nola kontsumitzen duten identifikatzen ahalegintzen da. Azterlan honek, besteak beste, pertsona hauek kontsumoaren aurrean duten jarreraren arabera sailkatu ditu taldeetan.
Shopping-aren bukaera: Merkatariei esatea azterlanen arabera gero eta gutxiago saltzen dela beraiek badakiten zerbait gogoraraztea baino ez da. Hala ere, horrek ez du errealitatea aldatzen. Azterlanean parte hartu zuten pertsonen erdiek ia onartu egi zuten kontsumoak behera egin duela krisia dela eta. Prezioari gehiago begiratzen zaio eta erosi aurretik, birritan pentsatzen da.
Gainera, beste prozesu bat gertatu da, hots, shopping-aren bolada emankorrak gain behera izan du. Shopping anglizismoa da eta aisialdian “erosketak egin” esan nahi du. Merkatalguneak, egun, hutsik ikusten ditugu edo, bestela, jendea atzera eta aurrera dabil paseatzen, baina deus erosi barik. Jendek askok lehen denbora pasan ibiltzeko erosi egiten zuen; orain, ordea, ez. Eta horrek kontsumoan sekulako eragina du. Produktuen biziraupena luzatu egiten da, lehen erabili eta bota egiten zirenena, hain zuzen ere. Produktuak konpondu egiten dira (zapatak, arropa, etxeko tresnak…) eta erosketak gehiago planifikatzen dira. Laburbilduz, lehen bihozkadak agindutako erosketa, orain, kontrolatu egiten da.
Prezioa: erosketak egiteko elementu erabakiorra: Egoera honetan, bada, prezioa da erosketa egiten dugunean eragin handiena duen faktorea. Outlet motako dendek gora egin dute. Markako produktuen kontsumoak gora egiten du, baina banatzaile merkeagoa erabilita, eta etekin handiagoa ateratzen zaie eskaintza eta merkealdiei.
Prezioen borroka honetan bizirik atera den sektore bakarra luxuaren da. Luxuaz mintzo garenean ez du adierazi nahi, esaterako, Ferrari, Rolls Royce, yateak Monakon,… ari garenik. Sinpleagoa da: Nespresso, Apple,… Bereizgarri egiten duten produktuek prezio altua izaten jarraituko dute eta ez dute eskaintzarik eta horrelakorik eskaini behar salmenta kopuruari eusteko.
Beti merkealdietan: Merkatariek jakitun daude kontsumoaren noraeze honetaz. Ondorioz, neurriak hartu ditu. Hortaz, oso ohikoak dira, etengabekoak, eskaintza kanpainak, sustapenekoak, produktua merkatzearenak. Herritarrek, hortaz, uste dute merkealdietako denboraldi etengabean bizi garela. Hori dela eta, merkealdietako kanpaina ofizialek erakargarritasuna galdu dute, nahiz eta azterlanak erakutsi jarraipenik izan badutela.
Azterlanaren emaitzak: kontsumitzaile motak: Batutako datuen ondorio gisa, pertsona gehienek “denda espezializatua” aukeratu ohi du erosteko lehen aukera gisa, hots, kaleko merkataritza txikia. Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) aldeko apustua, jakina.
Bigarren datu bezala, antzemandako kontsumitzaile mota dago. Eta lantzean behingo erosketen gainean mintzatzen dira. Hortaz, elikagai eta drogeria dendak ez dira tipologia horren baitan sartzen.
Honako hau da kontsumitzaileen tipologia:
Bakartia
Ezaxolatia
Gogotsua
Jolas-jarduerako emakumeak
e-informatu esijenteak
e-mozionalak
Zikoitzak
Kaltetuak
Pagotxaren bila dihardutenak
Izen hauek ez dute ezer adierazten, baina lotura honetan talde bakoitzak duen ezaugarri garrantzitsuenak erakusten dituen txostena kontsultatzerik dago. Pertsona mota hauek ezagutzea inportantea da, egokia litzateke hortaz, dendan sartzen den pertsona bakoitza tipologia zehatzean txertatzea, eta horrela baliabideak sustatu salmentara bultzatzeko.
Eusko Jaurlaritzak bultzatu egin du Shop Euskadi atari bat sortzea, hots, euskal merkataraitza informatuta eta trebatuta izan dadin.Gune honetan berriak eta iritziak batzen dira eta hauek interesgarri izan ahal zaizkie kontsumatzaileei, turistei eta merkatariei. Bilgune bat izatea da ideia honen asmoa, non informazioa, iritziak, hausnarketak, oharrak eta iradokizunak denon eskuragarri jar daitezkeen, eta balio du kontsumitzaileak asebetetzeko eta euskal merkataritza erakargarriago egiteko. Eusko Jaurlaritzaren Merkataritzako Dinamizazio Bulegoen (MDB) inguruan sortutako ekimena da hau, eta hauxek ditu helburu nagusiak:
MDB-k garatutako jarduerak zabaltzeko balio izatea, batik bat merkataritzako animazio edo dinamizazioaren ikuspuntutik.
Leiho bilakatzea, erosleek hurbilarazteko, eskualdeko edo Euskal Herriko beste toki batzuetako merkataritza jarduera gertuagotik ezagutu dezaten (sustapen kanpainak, esaterako).
Sektoreko profesionalei begira, garrantzizko informazioa eskaintzea, laguntza eta sustapen egitarauei buruzkoa, esaterako
Duten izaera berritzailea dela eta, edo lana egoki egiten dakitelako, denda edota bizipen deigarrien berri ematea.
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako hainbat ekimen nabarmentzea, sektorea indartu eta sustatzeko, profesionalak laguntzeko, bikaintasunezko merkataritzaren xerkan aritzeko,…
Intereaktibitatea bilatzea, sektoreko aktore nagusienen arteko elkarrizketa sustatuz, merkatariek eta erosleek partekatu dezaten, blog eta gizarte sareak erabiliz.
Gune hau zure kuttunenen artean gorde dezazun aholkatu nahi dizugu, euskal merkataritza munduan zer dabilen jakin ezazun. Horrela, azken berrien eta joeren jakitun izango zara, eta eguneroko arazoei konponbidea bilatuko diezu.
Egun, edozein produktu saldu ahal izateko ez da nahikoa kalitatezko produktua eskaintzearekin, hau da, erabat ezaguna, telebistan dagerrena eta kirolari ospedunek erabilia izatea. Erosketa bizipena bakarra izan behar da eta bezeroek hori baloratu egin behar dute. Denda horrek, ondorioz, ez du arazorik izango nahi duena saltzeko.
Kontua hartu behar da, bestalde, edozein produktu erosteko erabakia hartzen denean, bihozkada soilez egiten denaz salbu, dendara joan orduko egiten dela, hots, ezer erosi aurretik non erosiko den erabakitzen da. Establezimendua aukeratu eta gero joan ohi gara produktua erostera.
Erosteko eskarmentuaz dihardugunean, baina, badirudi dendak antzoki bilakatu behar direla eta saltzaileak mozorrotu. Ezta hurrik eman ere!
Bideo hau marketin eskarmentuaren eredu eta adibide da. Bezeroa, ikus daitekeenez, erosketa hutsetik haratago doa (Muriel-en Ezkontza, 1994)
MARKETIN ESKARMENTURAKO OINARRIAK Eskarmentu hauek eskaintzeko eta positiboki baloratuak izan daitezen lortzeko bi gako daude, gainera gakook herri merkataritzan ardatz garrantzitsuak dira:
• Bezeroak ezagutzea: bezeroa ezagutzen badugu, badakigu zer behar duen, zalantzaren bat izanez gero argitzen lagunduko zaio, … Honek alde ona izango du bezeroari gertuko zerbitzua eskaintzen zaiolako.
• Bestelako zerbitzuak: lekuko merkataritzan saltoki bakoitza bakarra da eta horixe da berezitasuna.
MARKETING ESKARMENTUEN ADIBIDEAK Bezeroaren eta saltokiaren araberako zerbitzu honetan esperientzia-marketin ezberdinak daude; hau da, ez dago bezeroei erantzuteko modu bakarra. Horregatik, bezeroek aukera handia dute eskarmenturako.
Hala ere, saltoki bakoitzak duen bezeroa zein den jakinda, eskarmentu mota ezberdinak ezagutuko dira, bakoitzari behar duen arreta emanez.
Bizipenak direla eta, hona hemen establezimenduaren araberako zenbait adibide:
Elikagaiak:
Ohiko eta beharrezko erosketa izangatik ere, zergatik ez eskertzeko modukoa izango den bizipena eskaini? Honela, bezeroak chef ospetsuaren gisara ikusiko luke bere burua. Helburu lortze aldera, dendak aholkulari lanak egin ditzake eta elikagaiak zelan sukaldatu, zelan kontserbatu, osagaiak falta direnean alternatibak eskaini… eta hau guzti hau lortzeko langileek produktua ezagutu behar dute, errezeta edo informazio orriak ere prest eduki ditzake behar izanez gero.
Moda/oinetakoak:
Kasu honetan zailagoa izan daiteke bizipena estandarizatzea, baina jantzia norentzat den jakinda badago hori ere planteatzerik. Jai baterako soinekoa bada, langileak informaturik egon beharko du eta aholkuak eman ditzake osagarri, orrazkerari etabarrei buruz. Eta honen helburua hauxe baino ez da: erosleak jakitea jaian begiratu guztien erdigune izango dela. Erositakoa egunero ibiltzen duen arropa batekin erabiltzeko bada, dendak duen estiloa kontuan hartzekoa izango da, zer sustatu nahi den jakiteko: xalotasuna, dotorezia, erosotasuna, irudia…
Drogeria/lurrindegia
SBesteen gainetik sentsazio eta eskarmenturik eskain lezakeen sektoreren bat balego, hauxe berau, jakina. Iragarkiak ikusi besterik ez daude, lurrinek ez dute kalitatearen gainean hitz egiten, aldiz, irudiak, ametsak igortzen dizkigute, hauek erabilita bete daitezkeenak? Iragarkietako nabarmenkeriak bazter utzita, badago modurik bezeroak aholkatzeko, erosgaiak aukeratzeko garaian, eta lagundu bere pelikularen protagonista izaten: jaiaren izar, opari ederrenaren eramaile…
Bizipen onenak eskaintzeko, dendan sartzen den pertsona bakoitzak buruan duen pelikula ezagutzea litzateke, eta horrela jakin dendak eta produktuak berak eragin zezaketela era atseginean bezeroarengan beregana.
EGILEA: Borja Escalona Merkataritzarako Teknikaria Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Lema batek zioen “merkataritza non bizitza han”. Esaldia ez dago gaizki eta badauka bere sentsua, baina hobeto esateko modu bat aurki genezake: “bizia dagoen lekuan merkataritza dago”. Zergatik? Merkataritza azaltzeko aukera dagoen bakoitzean agertzen delako, baldintza onak agertzen direnean beti egongo da ekintzaileren bat merkataritza sortzeko aukera ikusi eta aurrera egiten duena.
Hau da Tailandian gertatzen dena. Herrialde honetako herrixka asko uraren gainean garatu ziren, espaloien ordez kanalak erabiliz eta barkuz bakarrik ibili zitekeelarik. Merkataritzak egoera honetan ezin izango dela garatu eman dezake, herritarrentzako espaloi eta aparkalekurik gabe.
Hala ere, kanalen bidez, egoera honetan txalupa bidezko merkataritzaren aldeko apustua egin zuten pertsonak izan ziren. Praktika honek bizirauteko beharrezkoa den merkataritza bat sortu du, kotxerik heltzen ez den lekuetara eta bide batez turisten bultzadarekin gorakada handia izan dute uraren gaineko merkatu hauek.
Merkatu flotante hauek ez dira Tailandian bakarrik existitzen, ohikoa da Asiako herrialdeetan etxeak ere uraren gainean dituzten lekuetan honelako merkatuak izatea. Hala ere, herrialde honetako merkatuak dira ezagunenak mundu mailan.
TAILANDIAKO URAREN GAINEKO MERKATU BATZUK
Merkatu flotanteak egurrezko txalupa txikiekin eginda daude, fruta, barazki eta edozein motatako produktuz beteta, emakumeek gidatuak bertako ohiko baserritarren arropa urdinez jantziak, forma konikodun ohiko txapelaz lagundurik.
Turistek gehien bisitatzen dituzten merkatu flotanteak hauek dira:
Damnoen Saduak-eko merkatua: Bankoketik 80 kilometro hego mendebalderantz kokatua. Ospetsu eta handienetako bat da.
Tha Kha-ko merkatua: Damnoen Saduak-etik 10 kilometrotara, asteburuetan bakarrik funtzionatzen du.
Bank Khu Wiang-eko merkatua: Nonthaburiko probintzian dago. Bertara monjeak joan ohi dira herritarrei limosna eskatzera. Merkaturik goiztiarrena da, ateak goizaldeko 4retan irekitzen dituelarik.
MERKATARITZA ESPEKTAKULUA
Merkatu flotanteak, uraren gaineko merkatuak baino zerbait gehiago dira, gure begietara espektakulua dira. Merkatu berari, produktu exotiko, kolore, usain, forma eta testura arraroez gain, ingurua batzen zaio; “establezimendu” gabeko komertzio bat baina milaka postu txiki mugikorrekin, uretan bezeroen bila dabiltzanak, tratuak itxiz, produktuak trukatzen eta ordaintzen. Guztia aktibitate komertziala duen mostradore likido baten gainean.
EGILEA: Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Istanbul arrazoi askorengatik hiri bakarra da. Kultur eta zibilizazioen arragoa, mendeetan Asia eta Europako zubi izan da.
Hiriaren turismo interes guneen artean bazarrak aurkitzen dira. Egunero, hainbat erosle ibiltzen dira, baita hainbat turista ere. Bertan erakargarritasun berezi bat aurkitzen dute, koloreengatik, produktuengatik, negozioak egiten dituzten moduagatik, bizirik dagoen merkatuak eskaintzen duen ikusgarritasunarengatik, bizirik dagoela eta bizirik jarraitu nahi duela aldarrikatuz.
Hirian hainbat bazar daude baina ezagunenak Bazar Handia eta Espezieen Bazarra dira.
Bazar Handia: Bere izena turkieraz KapaliÇarsi da eta hiriko bazarrik handiena dela baieztatu daiteke bere 45 000 metro karratuko estrukturarekin, 64 etorbide eta kale, 16 patio eta 3600 denda dituelarik gutxigorabehera. 22 sarrera dituen leku itxi bati buruz ari gara, XV. mendetik zabalik dirauen zentro komertzial bat da. Egunero (astelehenetik larunbatera, igandetan dendak itxi egiten dira) 250 000 eta 400 000 pertsona artean ibiltzen dira. Eskaintza komertziala oso bariatua eta zabala da, baina turistentzat interesgarriena alfonbren postuak, larru zein metalezko artisautza, urregintza eta bitxigintza izan daitezke beste postuak gutxietsi gabe.
Kolore eta eszena hauek Sherezaderen Mila eta bat gau-ko kontakizunen garaietara garamatzate eta eraikin eta postu hauek kontakizun haiek gogorarazten dizkigute.
Gainera, erosketak egiteko unean espektakuluak jarraitzen du, “regateoa” prezioa jartzeko modua baita. Guztiarengatik negoziatzen da, alfonbra, poltsa, belarritakoengatik...Oso ezberdina da mendebaldeko kulturatik datozen pertsonentzat, baina ez “regateatzea” ia ofentsibontzat hartu dezake dendariak.
Bazar Handia bisitatzeak denbora eskatzen du, paseatzeko, kurioseatzeko, prezioak alderatzeko eta erosteko, negoziazioak denbora eramaten baitu eta are gehiago merkatariak tratua itxi eta eskertzeko harrerarekin te batera gonbidatzen bazaitu. Hizkuntzarengatik ez zaitez ikaratu, Bazar Handian komertzioaren hizkuntzan hitz egiten da, mundu guztian ulertzen den hizkuntzan.
Espezieen Bazarra: Bazar hau, Egiptiar Bazarra izenez ere ezagutzen da. Bazar Handia baino askoz txikiagoa da (90 denda gutxi gorabehera) eta bertan begi bistakoa denez sukaldatzeko espezieak saltzen dira. Hauekin batera, ohiko produktu gastronomikoak aurki daitezke, hala nola: frutak, gozoak, gaztak eta fruitu lehorrak.
Bazar Handia bezala, Espezieen Bazarrak historia luzea dauka, XVII. mende hasieran sortu zen, Istanbul munduko merkataritzarentzako ate garrantzitsu bat zen garaian Europa eta Ekialde Urruna batuz.
Establezimendu honetara bisita egitea zentzumenentzat opari bat da, kolore eta usainek mendebaldeko gizarte honetan ohituta ez gauden sentsazioak zabaltzen baitizkigute.
Eta berriro negoziazioa, erosketa negoziazio gabe ez baita ulertzen, turkiarren eta mundu musulmandarraren berezitasunetako bat da. Zergatik? Merkataritza ez delako erosketa eta salmenta hutsa, hori baino gehiago delako, gozatzea, bizitzea, estimatzea...da. “Regateoak” erosketa unea abentura batean bilakatzen du sentsazioz betez, animatzen duen esperientzia da eta komertzioa dinamizatzen du.
Istanbulgo bazarrak merkataritza espektakuluak dira, eguneroko aktibitate bat baina oso berezia aldi berean. Istanbulen bizi den pertsona batentzat bere egunerokotasuna da, mendebaldeko batentzat ordea bisitatu eta ikusi beharrekoa den errepresentazio bat, merkataritza espektakulua.
EGILEA: Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Beberly Hills-eko auzo glamourdun honetan auzoa baino ia ezagunagoa den kale bat existitzen da, Rodeo Drive kaleari buruz ari gara, auzoa bezala oso glamourosoa den kaleari buruz. Beste hiri batzuetan “urrezko mila” existitzen bada, hemen “diamantezko mila” existitzen dela ezan dezakegu, esklusiboak diren hainbat luxuzko denda kontzentratzen baitira kale horretan.
Aberatsak diren pertsonentzat bereziki egindako zentro komertziala, erosterako orduan prezioari begiratzen ez dioten pertsonentzat egina eta luxua ia beharrizan bat den pertsonentzat da. Rodeo Drive gehiegizkokeriaren ispilua da, luxuzko kotxeak, limusinak, Hollywood-eko izar handiak, Cartier, Prada edota Versace bezalako poltsa dotoreak. Krisiek txantxa diruditen gune komertzial bat.
Rodeo Drive 70.eko hamarkadan garatu zen merkataritza gune bezala eta Santa Monica eta Wilshire-eko Boulevarden artean luzatzen da, gaur egun Estatu Batuetako metro karratuko salmenta bolumen gehien dituen lekua da. Aberatsentzako merkatua da, eta antza denez dendan sartzen zaren momentuan gogoratzen dizuten gauza bat da, Pretty Woman-en eszena batean ikusi ahal izan genuen bezala.
Esan behar da Rodeo Drive ez dela ohiko erosketak egiteko leku bat. Bere kaleetatik gehienbat bi motatako pertsonak pasatzen dira: turistak eta erosleak. Lehendabizikoak oso erraz antzeman daitezke milaka kamara soinean dituztelarik, bigarrenak eros ahalmen handia duten jendeak betetzen du, “aberatsa eta ospetsua” den jendeak, esklusibitatea atsegin duen jendeak. Bestalde, diru guztia xahutu eta kapritxo bat eman nahi duen pertsonak ere ikus daitezke egun batez pertsona oso garrantzitsua sentiaraziz.
Rodeo Drive ez da turistek eros dezaketen leku bat, baina bisitatu behar den merkataritza zentro bat da, munduan bakarra baita.
EGILEA: Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Historian zehar hainbat hirik garrantzi esanguratsua izan dute gizakiarentzat eta bada bat, beste batzuen artean, mendeak igaro arren beti jendea erakarri izan duena: London. Industri Iraultzaren motor, munduko finantza lekurik garrantzitsuenetarikoa eta merkatari askoren parada. Gaur egun hala ere ezin ahaztu Londresen diru iturri oparoenetako bat: turismoa eta horrekin batera datorren erosketa kontsumoa.
Azken urteetan asko hedatu dira asteburuan hegaldi merkeei esker 2-3 egun aprobetxatu asmoz txango labur batez Londresera erosketak egitera joaten diren jende kopurua.
Eta ez da gutxi ez hiri honek eskeintzen duena: merkatu xumeenetik luxuzko merkataritza zentro handietan ibili baitzaitezke. Hiri kosmopolita honetako merkatu garrantzitsuenetan zentratuz, hona hemen egun batzuk galtzeko afera izan eta bertako merkatuetako giroa ezagutzeko gogoak izan ezkero aurki ditzakezun aukera esanguratsuenak: Portobello Road: Munduko antikuarioen merkaturik handiena izango da segur aski. 1500 saltzaile baino gehiago aurki ditzakezu. Merkatu xelebre hau larunbatetan egiten dute baina aste osoan zehar auzoko fruta eta barazki saltzaileen bizitasuna senti daiteke (ordutegia: 10etatik 17etara) .Bere sorreran, hau da, XIX.mendean, auzoa fruta freskoaren merkatua izan zen. Bestalde Notting Hill bezalako pelikulek auzoari ospea ematen lagundu diote ezbairik gabe.
Camden town: Hiriko iparraldean kokatua, bertara heltzean leku oso desberdin batean zaudela ohartu zaitezke. Gaur egungo gizarteko loturetatik at dagoen auzoa dela esan daiteke eta bertan bizi den jendea gehienbat ikasleak eta atzerritarrak izan ohi dira, gainera jendetza andana jasotzen duen auzoa da. Merkatu honetan edozein aurki daiteke: liburuak, artisautza, bitxiak, altzariak, arropa zein produktu exotikoak kasu. Igandeetan irekitzen dute, hala ere, auzoko dendak aste osoan zehar irekiak aurkitzen dira.
Covent Garden: XVII.mendean fruta eta barazki merkatua zen. Hasieran leku ireki bat zen eta Londreseko lehen plaza izan zen. XIX.mendean hiru merkatu estali egin zituzten eta mende horretako amaieran merkatua Tamesis hegoaldera mugitu zuten. Horrela auzoari giro berri eta mediterranear kutsu bat eman zitzaion erosketa leku dotoreak sortuz. Auzoko merkatuan Camden-en bezela, hainbat gauza aurki ditzakezu: bitxiak, traste zaharrak, arte-lanak, moda, osasunarentzako produktuak zein etxerako produktuak. Egunaren arabera denda batzuk edo beste batzuk aurkituko dira zabalik. Gainera kaleko artistaz josita egoten dira merkatu inguruak giro ezin hobe bat sortuz.
Hiru merkatu hauek, esanguratsuenak baino ez dira merkatuz josita dagoen hiri miresgarri honetan. Beraz, aukera izanez gero, ez galdu denborarik eta aprobetxatu Londreseko merkataritzaz gozatzeko.
EGILEA: Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
Merkatalguneak uneoro ari dira zabaldu eta zarratzen. Bizi dugun krisi garai honetan zabaldu baino areago, zarratzen ari dira eta hau begi bistakoa da. Baina dendak egon badaude eta jendeak erosten jarraitzen du, eta denda hauek ez dira, portzierto, merkeenak! Denda hauek erosgaia baino gehixeago eskaintzen dute, edo hobeto esanda, produktua baino askosaz gehiago eskaintzen dute. Erosgaiak diruaren truke ematen diren gune hutsak baino gehiago dira. Hau da, merkatalgune hauetan, esperientzia bat bizi izaten du erosleak.
Pelikula bateko adibidea: ESPERIENTZIA DESATSEGINA:
Pretty Woman pelikulan bada eszena bat non pertsonaia, Vivian izenekoa (Julia Roberts), Los Angeles-eko Rodeo Drive kale ospetsuaren denda esklusiboan sartu den. Denda horretako saltzaileek deus erosiko ez duen emakumetzat kalifikatu dute automatikoki eta, ez bat ez bi, lokaletik aldegin dezan “gonbidatu” dute, eta ez era oso atseginean, portzierto. Vivianek denda honetan bizi izandakoa, hortaz, ez da esperientzia ona izan, hain zuzen ere. ESPERIENTZIA ATSEGINA: Geroago, pelikula horretan bertan, Vivian luxuzko beste denda batera joan da Edward-ekin (Richard Gere). Edward-ek “koipea eman diezaietela” eskatu die saltzaileei. Erosi nahi neurri gabeko eszenak ikusten dira jarraian. Dendako saltzaileek ahalegin guztia egin dute gizon-emakumea asetu eta unada gozagarria pasarazteko. Gizon-emakune hauek erosi eta erosi baino ez dute egin, baina esperientzia berezi eta bakarra bizi dute aldi berean, Vivianek, batik bat. Denda biak antzekoak dira, marka esklusiboak eta goi mailako gamakoak dituzte. Baina emakumeak denda batean eta bestean bizi izandako esperientziak ez du zerikusirik. Aurrekoan mezpretxatu egin dute, bestean, ostera, printzesa bat izango balitz bezala hartu dute. Pertsona arrunt bat ez zen aurreko dendara ezer erostera inoiz itzuliko (Vivian itzuli egin da, baina denda horretan zer ez duen erosi erakusteko baino ez).
Ondorioa: Bezeroak ondo hartzea baino zerbait gehiago da gakoa. Hauxe jakin behar da, batik bat: bezeroak zergatik sentitzen dira berezi gure dendetara sartzen direnean? Dendak duen itxuragatik izan liteke, edo bezeroari ematen zaion harreragatik, edo bezeroei ematen zaizkien aholkuengatik, edo bezeroak zer nahi duen jakin eta konponbidea bilatzen saiatzeagatik… Aldagai asko dira edo hauen arteko konbinazioak, baina den-denak identifikatu beharrekoak dira, hauek bultzatu eta hauen berri emateko.
Produktuak saltzea baino zerbait gehiago da, esperientzia positibo bat saltzea da gakoa, bezeroa dendara sartzen denean, ondo sentitzea, beste denda baten baino hobeto, eta bizi dugun krisi garai honetan, sentsazio hau jarrera positiboa eskainiz lortu ahal da.
Bartzelonatik dator notizia. Tenperatura altuak direla eta, gizonezkoak gorputz-enborra biluzik ari dira kalean eta dendetan. Polemika sortu du ohitura honek herri mailan eta ohitura hori kalean debekatzea aztertu da. Eremu pribatuan ere zeresana eragin du praktika horrek, merkatariek eta ostalariek ez baitute beraien lokaletan inor horrela "jantzita" sartzerik nahi.
Bi gremio hauek hiriko udalari eskatu egin diote era egokian jantzita ez datozen pertsonei establezimenduetara sartzeko eskubidea murrizteko baimena izatea. Dena den, egoerak ez du okerrera egin, bezeroak jantzi egiten baitira, oro har, dendako edozein langilek horrela eskatuta.
Krisi garai honetan harrigarria dirudi dendak egotea bezeroak sartzeko oztopoak jartzen dituztela ikusteak. Baina badu bere logika. Marketinak dituen estrategiaren baitan oso garrantzi handikoa da establezimenduak eskaintzen duen irudia. Irudi maila hori jaisteak ondorioak dakartza nahitaez. Gauza bera gertatzen da produktu beraren prezioa behin eta berriz merkatzen ibiltzen denean. "Low cost" delako irudia izatea dakar horrek, hots, irudi hori lotuta dago eskaintza zehatz batekin, kalitate eta prezio zehatz batekin. Horren ondorioz, establezimendua bezero "hondartza-zale"z mukuru izatea txarra da, batik bat, bezero mota hori ez denean lortu nahi den bezero mota.