2010(e)ko ekainaren 9(a), asteazkena

2010eko uztaila: BEZ-eko igoera helduko da

BEZ-AREN IGOERA DENDA TXIKIETAN
Informazio hau gazteleraz ere irakurri dezakezu

BEZ-AREN IGOERAK MERKATARITZAN IZAN DITZAKEEN BALIZKO ONDORIOAK

Uztailaren 1ean indarrean sartuko dira BEZaren zerga-tipo berriak. Egungo %16tik %18ra igaroko dira eta %7tik %8ra. %4en zerga-tipo supermurriztua ez da aldatuko; Baliokide Errekarguko erregimenaren gehikuntzak ere ez dira aldatuko.

Zelako eragina izango du igoera honek merkataritzan?
Laburbilduta, hauxe: kostu handiagoak. Uztailaren 1etik aurrera, produktu eta zerbitzu guztiek kostu handiagoa izango dute. Kostu hauek, jakina, dendetan izango dute eragin.

Honek esan nahi duena hauxe da: lehen 100eko kostua zeukanak gehi BEZaren %16 116an geratzen zen; orain, BEZ berria aplikatuta, hots, %18a, kostua 118 izango da.

Honen aurrean, zer egin dezakete dendek?
Bada, hauxe baino ez:
1: Prezioa bezeroari igotzea, hau da, ordain dezala kontsumitzaileak igoera. Aukera hau hartzeak arazo bat baino gehiago eragin lezake bizi dugun krisi garai honetan: prezioari gehiago begiratzen diote pertsonek. Erabaki hori hartzea askozaz ere zailago izango dute dendaren estrategia prezioan oinarritzen dutenek.

Eman daitekeen gomendiorik onena hauxe da: esan egia, hots, prezioak gora egin badu, BEZak gora egin duelako izan dela, eta ez dendak irabazi handiagoak izan nahi dituelako.

2: Ez igo preziorik. Kasu honetan dendak berak hartuko luke bere gain BEZaren igoeraren kostua, eta, ondorioz, mozkin txikiagoak izango lituzke. Diru irabazi txikiagoak izango lituzke produktuetan, salmentan galerarik ez izateko. Erabaki hori hartzea gogorra litzateke, baina beharrezkoa ere bai kalkuluek hori adieraziz gero: salmenta kopuru bera eta marjina txikiagoa edo salmenta kopuru txikiagoa marjina bera izateko.

3: Igoeraren zati bat baino ez txertatzea azken prezioan. Erdibideko erabakia litzateke. Dendak kostuaren zati bat onartuko luke eta bezeroek bestea. Erabaki hau hartzea interesgarria litzateke igoerarako marjina dagoenean, baina ez igoera guztiarentzako.

Laburbilduz:
Denda bakoitzak erabakiko du zein den komenigarrien zaion aukera. Gogorarazi egin behar da, halaber, uztailaren batetik aurrera hasiko direla indarrean jartzen zerga-tipo berri horiek. Baina horrek ez du esan nahi egun horretan bertan hasi behar dela erabaki hori hartzen. Apurka-apurka igo ahal dira prezioak hileetan zehar edo, bestela, hurrengo denboraldirako utzi daiteke prezioen igoera.

Merkataritzan izan daitezkeen balizko eraginak:
Oro har, bai jende ikasiak, bai dendetako jabeek uste dute zerga-tipo igoera hau txarra izango dela merkataritzarentzako. Negozioaren etekinek txarrera egingo dute, marjinen murrizketa dela eta (irabazi txikiagoa salmentako), eta salmenten kopuruak ere behera egingo du (unitate gutxiago saldu).

Hala eta guztiz ere, aurreikuspen hauek “Zenbaki Handiei” buruzkoak dira eta espero dezagun aurreikuspen hori ez betetzea gure herri eta dendetan.

EGILEA:
Borja Escalona
Merkataritzarako Teknikaria
Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua


ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina