FENIZIARRAK: LEHENDABIZIKO GLOBALIZATZAILEAK
Informazio hau gazteleraz ere irakurri dezakezuINDIZEA
- Kronologia
- Kokagune geografikoa
- Fenizia
- Feniziarrak eta merkataritza
- Merkataritzaren garapena: lehen fasea, kabotajearen bidezko nabigazioa
- Merkataritzaren garapena: bigarren fasea, Mediterraneoaren konkista
- Zer jartzen zuten salgai (truke-gai)?
- Alfabeto fonetikoaren sorrera
- Feniziarren boterea
- Feniziarrek utzitako legatua
- INFORMAZIO ITURRIAK
Merkataritza Historian zehar INDIZEA-ra itzuli
Merkataritza Historiaren Eragilea-ra itzuli
Kronologia:
Feniziarrak denbora luzez izan ziren bere buruaren eta patuaren jabe, K. a. XVIII. mendean hasi eta VIII. mendera bitartean, gutxi gorabehera. Handik aurrera ere feniziar izaten jarraitu zuten, baina beste erresuma edo lurralde batzuen atal organiko gisa baino ez.Kokagune geografikoa:
Gaur egun Israel eta Libanoko estatuetako kostalde marra estu horretakoak ziren jatorriz feniziarrak.Fenizia:
Herri honek ez zuen inperiorik sortu garai hartako beste zibilizazio batzuek bezala. Inperiotzat zera ulertu behar dugu, hots, beste herrialde batzuk mendean hartzea menperatzaileen politikara makurraraziz. Feniziarrek ez zuten estatu bat eta bakarra sortu, hiri-estatu gisa funtzionatzen zuten. Hiri-estatu bakoitzak bere gobernua zuen. Hortaz, inperio edo erresuma feniziarrarena barik, “zibilizazio feniziarra”ren hedatzaile izan zirela esan beharko genuke.Feniziarrak eta merkataritza:
Gauza jakina da feniziarrak merkataritzara emaniko herria izan zela. Feniziarrentzat merkataritza hil ala biziko jarduera zen. Hortaz, bi kontzeptuok, hots, feniziarra eta merkataritza lotu nahi baditugu, honela egin beharko genuke : “Fenizia merkataritza da eta alderantziz”. Honekin esan nahi duguna zera da, Fenizia izan merkataritzari esker izan zela eta merkataritzarik gabe ez zela Feniziarik izango.Feniziarrak lur antzu eta meharreko lurraldean kokatuta zeuden, inperio handiek inguratuta. Hau dela eta, ezinezko zuten barrualderako hedatze ahaleginik egiterik. Baina beste alde batetik, gune estrategikoa zen lurralde hura merkataritza ikuspuntutik, Mediterraneoaren eta Ekialdearen arteko komunikazio atetzat jotzen baitzuten. Feniziarrek aukera hau baliatu zuten eta itsasoaren hurbila mundu zabalerako ate bilakatu zuten, ustiatu ahal zen mundura zabalik zegoena eta, batik bat, merkataritzarako aukera mugaezinak eskintzen zizkiona.
Merkataritza bizitza bezalakoa da, bide egiten saiatzen da betiere, sustraiak botatzeko aukerarik izanez gero. Odolean zeramaten feniziarrek merkataritzarena, haientzat funts eta mami zen salerosketan jardutea. Aukera hau profitatu zuten, hortaz, eta merkataritza ustiatu, elikatu eta hazi egin zuten. Merkataritzaren bidea aukeratu zuten feniziarrek eta bide hori hartu ezean, garrantzirik edota itzalik gabeko herri edo zibilizazio gisa ezagutua izango zen historian zehar. Merkataritzari esker, ordea, garai hartako inperio handienen izen eta garrantzia izan zuten feniziarrek, eta eragina izan zuten Mediterraneo aldeko herriek zuten bizi moldean eta hartu emanetan.
Merkataritzaren garapena: lehen fasea, kabotajearen bidezko nabigazioa:
Feniziarrak kokatuta zeuden lurraldea zedro ugariko eremua zen. Zedroa itsasontziak egiteko egur hobezina zen. Baina ez zuen balio salerosketarako, zuhaitz mota hau lurrez garraiatzea oso zaila baitzen.Zedroz eginiko itsasontziak baliatuz, feniziarrek itsasoa ustiatu zuten, egunean-egunean urrunagoa joaten ziren, baina kostaldea begien bistatik galdu barik betiere. Arrantzale lanetan baziharduten ere, auzo herriek arrantzan egiteko feniziarrek erabiltzen zituzten itsasontziekiko eta itsasontzi hauek egiteko erabiltzen zuten egurrarrekiko interesa zutela konturatu ziren feniziarrak. Lehorrez ez, baina itsasoz bai, itsasoz bazegoen egur kopuru eskergak garraiatzerik. Hortaz, itsasoz egindako garraio mota hau bilakatu zuten feniziarrek salerosketarako lehendabiziko produktua. Salerosketa honek emandako mozkinek merkatu hobeak bilatzeko aukera eman zieten feniziarrei. Izan ere, Egiptoraino iritsi ziren. Hasierako hedapen hau arraunak erabilitako itsasontziez baliatu ziren feniziarrak, ez zuten, hortaz, inolako nabigazio teknikarik erabili. Hori dela eta, funtsezkoa zen kostaldea begien bistan izatea, itsasoan gal ez zitezen.
Urteak joan urteak etorri, merkatu berriak aurkitzeak gorantz ekarri zuen egurra saltzearen garrantzia. Gero eta itsasontzi gehiago egiten hasi ziren, gero eta egur gehiago saltzen zuten…, baina berehala konturatu ziren egurraren merkatua bete egingo zela. Hortaz, hazkunde ekonomiko eta industrialari eusteko, beste produktu mota batzuk erabili zituzten salerosketan. Herri praktikoa zen feniziarra, eta merkatu desberdinetan zeuden gabeziak detektatu eta gabezia horiek betetzeko industria mota desberdinak garatu zituzten, esaterako, ehungintza, garai hartan oso estimatua zen purpura tindua egiteko sekretuaren jabe baitziren. Urregintzan eta beira landuan ere gailendu ziren feniziarrak. Beira landuaren aurkitzailetzat dituzte feniziarrak. Salgai hauek eta beste batzuek ere Fenizioen merkataritza-eskaintza emendatzeko balio zuten, eta jarduera eta eta industrien hazkundea ahalbidetu zuten.
Alabaina, merkatuak ezin ziren gehiegi hazi, nabigazio teknikak, itsasontzietako zama gaitasuna eta propultsio-sistema hobetu ezean. Feniziarrak merkatu gose ziren eta, horren ondorioz, itsasontzien diseinua aldatu zuten ezinbestean. Itsasontzi hobeak egiten hasi ziren, azkarragoak eta zama-gaitasun handiagokoak. Garai hartan feniziarrek itsasontziak egiteko erabili zituzten oinarrizko diseinuak egungo Mediterraneoan ere erabiltzen jarraitzen dute, 3.000 urte igaro ostean! Diseinu berrian belak erantsi zituzten, itsasontzien autonomia emendatuz, ez baitzuten arraunlarien indarraren premiarik izaten nabigatzeko. Nabigatzeko era berri hobetu honek Mediterraneo guztira zabaldu zuen feniziarren merkataritzarako jomuga.
Merkataritzaren garapena: bigarren fasea, Mediterraneoaren konkista:
Itsasontzietan egindako hobekuntza hauek ausartago bilakatu zituzten feniziarrak. Kostaldea ere begien bistatik gal zezaketen beldurrik izan gabe. Izarrak erabiltzen zituzten gauean nabigatzeko, batez ere, Izar feniziarra (Artizarra), eta urrunago joan zitezkeen. Merkataritza, hortaz, Gibraltarreko pasaguneraino (Herkulesen zutabeak) baino haratago hedatu zuten. Bretainiako irletara iritsi ziren eta baita Kanarietara eta Madeira irletara ere. Afrikako kontinentea ingurabidetu zutela ere esaten da, eta bada konfirmatu gabeko kondairarik esaten duena Australiaraino ere iritsi zirela eta portu iraunkorrak eraiki zituztela herrialde horrekin salerosketan jarduteko.Edozelan ere, feniziarrek ontzi-konpainiak sortu zituzten Mediterraneoan, eta itsasoko merkataritza mendean hartu zuten. Ontzidi ikaragarri hauek zegiten lana laguntzearren, euskarri-sare bat ezarri zuten: faktoriak, emakidak, koloniak etabar. Antzinean erabiltzen zituzten laguntzarako gune edo establezimendu hauek egun multinazional izena dute.
- Faktoriak: Kokaleku hauek herri hustuetan eraikitzen ziren, oro har. Baina gune zibilizatu batetik hurrera, betiere. Faktoria hauek egiteak helburu bakezalea zuen (faktoriak babesteko baina, kontigente militar bat zeukaten, segurtasuna bermatzearren). Faktorien zeregin garrantzitsuena hauxe zen: tokian tokiko agintarien baimena lortzea salerosketan jarduteko. Negozioetarako guneak ziren faktoria hauek, negozioa zen, hortaz, zeregin nagusiena. Kokaleku hauetan, gainera, tenpluak eraikitzen ziren, baina batez ere biltegiak eta ontziolak, itsasontziak konpondu eta mantentze-zerbitzurako.
- Emakidak: Merkataritzaren ikuspuntutik begiratuta, inperio sendo batekoa zen hiri batean negozio-eremu bat izatea guztiz interesgarria zen, Egiptokoan kasu. Kasu hauetan tokiko Gobernuari emakidak eskatzen zitzaizkion, zergak eta tasak ordaintzen ziren eta sukurtsala jartzen zen. Sukurtsal honen bitartez, merkataritza zabaltzen zen herritarren artera, faktoriek egiten zuten bezala. Eta orduan negozioa zenbat eta handiago egin, emakidak ere handiagotu egiten ziren, hiriko auzune asko merkatu bilakatzeraino. Auzune hauek itxura “feniziarra“ zuten eta Tiro, Sidon edo beste metropoli batekoak ziruditen.
- Koloniak: Merkataritzaren ikuspuntutik interesgarri ziren herrietan kolonia iraunkorrak jarri ziren, tokiko herritarrekin merkataritzan jarduteko edota herri horiek euskarri estrategikotzat hartzen zirelako. Bilakera honen ondorio gisa, hiri berriak sortzen hasi ziren: Utica, Hippo (Bizerta ondoan), Lixus, Leptis Afrikako iparraldean; Gaddir (Cadiz), Malaca (Malaga), Sexi (Jate), Abdera (Adra) eta Karteia iberiar penintsulan. Baina denetan garrantzitsuena Kartago dugu.
Zer jartzen zuten salgai (truke-gai)?:
Era askotakoak ziren itsasontzi feniziarretan eramaten zituzten produktuak. Baina lehorra ere erabiltzen zuten merkataritza jardueran aritzeko. Horretarako, gamelu karabanak erabiltzen zituzten. Lehen ere aipatuta dauzkagu garraiobide hauek erabilita, zeintzuk ziren garraiatzen zituzten produktuak: zedro egurra, beirazko produktuen manufaktura eta ehunak. Herri hau oso aberastu zen, kokapen estrategiko bikaina zuen eta trukerako erabiltzen zituzten produktuak (salgaiak) anitzak ziren:- Herrialde askotatik: esklaboak
- Arabiatik: esentzia, mirra, urrea eta harribitxi esotikoak
- Asiriatik: portzelanak eta marfil leunduan landutako pieza delikatuak
- Txinatik: harizko ehunak, zeta eta kotoia
- Indiatik: espeziak, egur landuak eta perlak
- Itsaso Beltz eta Iberiatik: zaldiak
- Egeo itsasaldetik: jauregiak eraikitzeko marmola
- Egiptotik: lihoa eta zerealak
Era guztietako produktuak ateratzen ziren lantegi feniziarretatik. Beira fina, batik bat, garden-gardena eta Sidonen egiten zutena. Egipton egin ohi zutena baino kalitate handiagoa zuen Sidonen egiten zuten beira. Armak, apaingarriak eta burdinazko eta brontzezko artelanak ere ekoizten zituzten, eta merkataritzan ziharduten herrietan zeukaten idoloen estatuak eta bustoak ere bai; aparteko bitxiak, lanabesak, eta beiran, urrean, zilarrean eta brontzean eginiko edalontziak eta baxerak. Metropoliko (Tiro) adibide eta ereduari jarraituz, Cartagok faktoriak, gotorlekuak, hiri aliatuak eta euskarri guneak sortu zituen (eta inoiz metropoli zaharretik heredatu). Merkataritza nahi zuen honekin bideratu, tokiko baliabideak ustiatu edota komunikabideak babestu.
Alfabeto fonetikoaren sorrera:
Alfabeto feniziarra. Feniziarrak merkataritza lanetan hasi zirenerako asmatuta zegoen jada eskritura. Mediterraneo aldean, baina, egipziarren hieroglifikoak erabiltzen ziren batik bat eskritura gisa. Baina guztiz korapilotsua zen eta garai hartako eskribek (idazlariek) baino ez zuten ezagutu eta erabiltzen.Zeinu hauen bitartez, burutzen zituzten salerosketak fonetikoki transkribatzen zituzten tokiko hizkuntzan. Zeinu hauek edonork ikas zitzakeen eta ez zen beharrezko eskriba garesti baten zerbitzua salerosketak erregistratzeko. Kostu txikia zeukan lanabes hau asmatzeak bultzatu zuen alfabeto honen agerpena. Alfabeto mota hau, denboraren joanean, feniziarrek hartu emana zeukaten kultura guztiek hartu eta egokitu zuten, Greziarrek esaterako. Alfabeto hau, gainera, gaur egun, mundu zabalean erabiltzen den alfabeto latinoaren oinarri bilakatu zen.
Feniziarren boterea:
Herri honek kontrolatzen zituen lurraldeetan zuen boterea ebaluatuz gero, esan beharra dago oso “inperio” txikia eta apala zuela, Egiptiokoarekin edo mesopotamiako inperio askorekin alderatuz gero. Hala eta guztiz ere, botere ekonomiko izugarria zuten, eta horri esker, mertzenarioen zerbitzuak kontratatzen zituzten mehatxuren bati aurre egin behar izatekotan. Hamar mende iraun zuten horrela, feniziar hiri txikiak defendatzeko mertzenarioak kontratatuz.Feniziarrek benetako boterea itsasoan zeukaten, ontzidi zibil eta militarrean. Persiako Jerjes errege boteretsuak berak ere feniziarren ontzidiaren zerbitzua kontratatu behar izan zuen, greziarren aurkako guduetarako armada-gizonak garraiatzeko, eta baita gerra-ontzidi gisa ere, Greziako eskuadraren kontra borrokatzeko.
Feniziarrek utzitako legatua:
Beste kultura batzuek feniziarren lurraldea mendean hartu zutenean desagertu zen zibilizazio feniziarra. Munduko zonalde horrek bizitza “handia” ezagutu izan du, zibilizazio asko igaro baitira bertatik. Baina ondare fisiko gutxi geratu dira zibilizazio horretatik, ia denak lurperaturik eta desagerturik baitaude. Ez da eraikintzarren hondarrik geratzen, ezta artelanik ere…oso gutxi, izan ere, zibilizazio horrek bere garaian izan zuen garrantzia kontuan hartuta.Merkataritza jarduerak egin zuen handi Fenizia, eta aldi beran, feniziarrek handi egin zuten merkataritza. Garai hartan merkataritzak aberastasun materiala ez ezik, altxor kultural ikaragarria ere utzi zuen. Hauxe da, laburbilduz, feniziarrek utzitako legatua:
-
Globalizazioaren hasiera Mediterraneo aldean: Feniziarrek eskala handiko nabigazioa garatu arte, Mediterraneo aldeko herriek ez zuten merkataritza kohesiorik izan. Albo herriekin baino ez zuten salerosketarik (edo borrokarik) egiten. Feniziarrek merkataritza-ibilbide ugari ireki, eutsi eta sendotu zuten Mediterraneo itsasoan zehar. Mediterraneo aldeko herrien arteko merkataritza jarduera sortu zuten eta, aldi berean, elkarren ezagutza erraztu.
Itsasalde honetan, hortaz, beste bizikidetza mota bat eman zen. Herrien eta zibilizazio desberdinen arteko merkataritza harremana areagotu egin zen, ondorioz.
Beste herrialde eta merkataritza batzuk ezagutu zituzten feniziarrek, eta, feniziarrei esker, herrialde hauek ezagun egin ziren historian. - Merkataritzarako oinarriak: Feniziarrak hara eta hona ibili ziren merkataritza jardueran, eta merkataritza jarduera irakatsi zieten bidaia horietan aurkitutako herrialdeei. Eta merkataritzarako filosofia honek denboran iraun zuen, feniziarrak herri bezala desagertu izanagatik ere. Gerora etorritako zibilizazioek eutsi egin zioten merkataritza eta trukerako filosofia horri.
Salerosketaren bitartez, zibilizazioak sortzen dira. Feniziarrek, bada, elkarren artean harremanetan jartzen eta aberasten irakatsi zieten ezagututako herrialdeei, ondasunak armak eta indarra erabilita lapurtu beharrean. Ondorioz, mendebaldeko Mediterraneoan lurralde handiak zibilizatu zituzten feniziarrek. - Alfabeto fonetikoa: Legatu ikaragarri hau mundu mailako kulturen zati handi baten oinarri da. Alfabeto hau merkataritzan jarduteko premiaren ondorio zen, hots, kostuak merkatu, transakzio komertzialak errentagarri bilaka zitezen. Soinuak edota hotsak zeinu bilakatzearen ekintza soil honek eragin ikaragarria izan zuen gizateriaren bilakabidean.
- Hobekuntzak nabigazioan: Feniziarrak nabigatzaileen herria izan zen eta nabigazioaren eta ontzigintzaren gaineko ezagutza zabaldu zuten salerosketan jardun zuten herrialde guztietan. Itsasontziak egiteko erabilitako diseinuak indarrean dirau egun ere egiten dituzten itsasontzietan. Aurrerapen gisa, belak erabiltzen hasi ziren itsasontzietan. Bidaia luzeagoak egiten zituzten ondorioz, ez baitzeukaten arraunlarien premiarik itsasontziak mugitzeko. Izarren kokapena kontuan hartuta hasi ziren nabigatzen feniziarrak, batik bat, Izar feniziarra (artizarra-iparrizarra) erabilita.
INFORMAZIO ITURRIAK:
ENCICLOPEDIA UNIVERSAL MARÍN (Ed. MARÍN, S.A.)ISBN 84-7102-019-X
INTERNET:
Historia de los fenicios
Encyclopedia Phoeniciana
Centro de Estudios Fenicios y Púnicos
La cultura Fenicia
Alfabetos
PROEL
EGILEA:
Borja Escalona
Merkataritzarako Teknikaria
Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina