2010(e)ko apirilaren 30(a), ostirala

NATURA eta ENPRESA MUNDUA: Espezializazioa

DESBERDINTASUNA MARKETIN-AREN TRESNA: "ESPEZIALIZAZIOA"

Informazio hau gazteleraz ere irakurri dezakezu

ESPEZIALIZAZIOA:
Entzunda izango bide duzue hiriko merkataritza “espezializatu” egin behar dela beste era bateko formatuekin lehiatu ahal izateko, esaterako, merkataritza-guneekin, frankiziekin, kale mailako denda-kateekin… baina zer da zehatz-mehatz espezializatze hau?, zelan espezializatu gaitezke?

  • NATURAN:
Espezializazioa estrategia bat da, naturan hainbat eta hainbat espeziek bizirauteko garatzen dutena. Biziraupena ziurtatuko liokeen gune esklusibo eta bakarra okupatzean datza espezialitatea, baliabide bat edo beste bermatuz, lurraldea edota jakia, esaterako.
Anitzak dira espezializazio hau aurrera ateratzeko erabiltzen diren bideak.

Badira zenbait landarek sortzen duten pozoia onartzen duten animaliak. Hortaz, animalia hauek baino ezin dute landare mota hau jan, eta ondorioz, ziurtaturik dute elikatze-iturri esklusibo bat. Baina batzuetan, bi espeziek batera eboluzionatu eta elkarrenganako menpekotasuna izan dezakete, eta bai bataren, bai bestearen izatea uztartuta geratuko litzateke, eta espezializazioa azken muturrera eramanda, esaterako, landare mota zehatz bat tximeleta mota zehatz batek poliniza dezake. “Gabonetako izarra” orkidearen kasua da hau, hots, “Morgan esfingea”ren tximeleta espezieak soilik ernal dezakeena.

ABANTAILAK:
Abantailarik nagusiena, espezialista den hil ala biziko baliabidearen hornikuntza esklusiboa ziurtatzea da.
DESABANTAILAK:
Desabantailarik nagusiena, aldaketen aurrean izan daitezkeen egokitzapenerako eta behar bezalako erantzunak emateko gaitasunaren galera da. Zokoa desagertuz gero, oso zaila litzateke beste bat aurkitzea eta, oro har, espeziearen desagerpena ekarriko luke horrek.

MERKATARITZAN:

Espezializazioak, hortaz, zoko bat bilatu behar du, espazio bat, non zure dendak baino ezingo duen okupatu. Bezeroak banatuz lortuko litzateke hau, oro har. Emandako banaketa horretatik, objektiboa litzatekeen jendea aukeratu behar da, kontsumo ohitura oso espezifikoak dituzten bezeroak, eta oso inportantea dena, bezero hauen ohiturak era egokian beteta ez dituztenak.
Eskari hau behin beteta, eta inork baino hobeto eginda gero, badago ziurtatzerik zoko edo espazio esklusibo bat, eskaintza espezializatuz. Gainera, zokoa txikia bada, neurriak berak eta diru irabaziak lortzeko perspektiba txikiek, lehiakide gehiago sartzekotan, oztopo izango lirateke zoko edo espazio horietaz jabetzeko asmoak oro.

- Kokapena, berez, ez da espezializazio-estrategia.
Espezializatzea ez da eginkizun erraza. Lan handia eskatzen du, bezeroen gustu eta beharrizanetara egokitzea beharrezko baita. Espezializatzeko tentaldia izan dezakegu, “auzoko bakarrak” izan nahi izateagatik. Baina hori ez da espezializatzea. Horrek balio izango luke bezeroak aurkitzeko, baina bezeroen mugikortasuna erabatekoa izanik, ez du balio denda bat bestetik desberdintzeko.

MERKATARITZARAKO ABANTAILAK:
  • Bezero multzo esklusiboa ziurtatzen du. Honek esan nahi duena hauxe da: dendan erosiko dutena, batez ere, espezializatu den produktu hori izango da.
  • Mozkin-marjinak direla eta, handiagoak izan daitezke, espezializazio hori esklusiboa baita. Kontu handia izan behar dugu baina, mozkin handiegiak izatearekin, espazio edo gune horretan beste lehiakide batzuk sartu ahal direlako.
  • Zokoa behar bezala kudeatzeak dendaren biziraupena ziurta dezake, eta zokoa handiagoa eginez gero, eta gauzak behar bezala egin badira, merkatu mota hori punta-puntakoa izatera iritsi daiteke.
DESABANTAILAK ETA ARRISKUAK:
  • Denda handiagoa egin nahi izatea mugatzen du espezializatzeak. Nolako zokoa, halako negozioa. Zokoa handia izanez gero edo hazi egiten bada, gero eta lehiakide gehiago sartuko dira bertan, eta, jakina, zokoa banatu egin beharko da lehiakide horien artean.
  • Zokoarekiko menpekotasun handia sortzen dio dendari. Zokoa desagertuko balitz, denda bera ere desagertu egingo litzateke. Modan eman daitekeen aldaketa batek, legerian gerta daitekeen aldaketa batek eraman dezake zokoa desagertzera.
  • “Eroso” sentitzeko arriskua dago eta zokoari eman behar zaion arreta ez ematea. Eta honek eragin lezakeena hau da, hots, beste lehiakide batzuk zokoaz jabetzea, lana hobeto eginez gero.

EGUNGO EGOERA:
Egungo txikizkako merkataritzan ikusten duguna da marka eta establezimendu handiek dutela merkatuaren nagusigoa. Merkatalgune hauek salmenta kopuru handiena dute eta merkataritza txikiek merkatalgune erraldoi hauekin batera bizi beharra dute. Salmenta kopurua, hortaz, ez da beti berdina izaten.

Merkatalgune handiak, oro har, ez dira denda espezializatuak eta haien jomuga era guztietako bezeroak dira. Edo beste era batera esanda, mundu guztiari zuzendutako salmentak egiten dituzte. Bezeria orokor hau handiena da, baina aldi berean, kontsumitzaile hauen artean ematen da lehiakortasun handiena, eta mozkin-marjina txikienak uzten dituztenak dira.

Oso orokorra den eskaintza handi honen aurrean, denda txikiak merkatu honen ertzetan lehiatzen dira. Denda batzuk eskaintza orokorrera hurbiltzen dira, beste batzuk, ordea, espezializatu egiten dira eta, horretarako, denda desberdintzeko estrategiak erabiltzen dituzte:
  • Kalitatea
  • Zerbitzu gehigarriak
  • Eskaintzaren esklusibotasuna
  • Gainontzekoak.

ETORKIZUNA:
Datozen urteotako lehiakortasuna gero eta gogorragoa izango da “handien” eta “txikien” artean. Banaketa-enpresa handi batzuk hasi dira jadanik txikiagoak dien formatuak garatzen. Formatu hauek, jakina, zoko erakargarriak direnetara zuzenduta daude.
Gune horietan lidergorik lortuko duten ala ez, denda horiek eskaintzari erantzuteko izan dezaketen gaitasunean dago gakoa. Kasu honetan, gainera, handi izatea abantaila barik, desabantaila izan daiteke. Zerbait esklusiboa bilatu nahi duen bezeroak muzin egiten dio merkatalgune handi batera joateari, merkatalgune handietan zerbait esklusiboa denik topatzea nahiko zaila baita.

ONDORIOAK:
Espezializazioa estrategia erabilgarri eta balioduna da. Arretaz planifikatu behar da, arriskuak ezagutu, baina era egokian burutzen denean, arrakasta bermatuta dago. Establezimenduari egonkortasuna ematen dio eta aurrera egiteko aukera. Orotariko merkatuari eusten diotenak, ostera, zailtasun handiagoak dituzte bizirauteko.

EGILEA:
Borja Escalona
Merkataritzarako Teknikaria
Gernika-Lumoko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak sortua


ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
















iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina