ZINEMAKO DENDAK

Zinemaz hitz egiten dugunean, baina ZINEMA maiuskulaz idatzita, hamaika titulu datoz gure burura: Blade Runner, Kane herritarra, Diligentzia, Star Wars,… guztiak gure kulturaren ikonoak.
Baina film handi hauetan zer edo zer falta da: dendak. Bai, mota askotako dendak agertzen dira baina ez dira protagonistak, antzezlekuak baino ez. Ez daukate eraginik istorioan. Berdin da akzioa leku horietan gertatzea beste edozein lekutan baino.
Baina salbuespenak ere badaude, zinemako kontakizun eta historiak denda bati buruzkoak direnak. Denda hauek filmaren protagonistak dira eta bere gidoiaren erritmoa adierazten dute. Hauexek dira adibide batzuk:
Zinemako dendak
La pequeña tienda de los horrores


Komedia musikal honetaz film bi egin dira, 1960 eta 1986 urteetan. Ia akzio guztia denda barruan gertatzen da, lore famatu honen inguruan. Denda istorioaren koprotagonista da, esparru perfektua ipuinaren testuingururako. Hiri baten barruan lore-denda da leku hoberena lore berezi bat edukitzeko eta filmean primeran ikusi dezakegu nola erakargarri, apartekoa eta paregabea den elementuak dendaren salmentak gehitu dezakeen.
BIG

Tom Hanks da ipuin atsegin honen protagonista, gizon baten gorputzaren barruan bizi den ume honek helduen munduan bizi behar du. Hau lortzeko lana aurkituko du ume guztiek lan egin nahi duten lekuan, munduko jostailu-dendarik handiena. Denda hau istorioaren parte bihurtuko da eta aldi berean merkataritzaren ikono bat, egiazko denda bat zelako. Fao Schwarz zeukan izena eta New York-eko Bosgarren etorbideko 767 zenbakian zegoen; barruan Tom Hanks eta bere nagusiak jo zuten piano erraldoia aurki genezakeen. Filma estreinatu zenetik (1988 urtean) denda itxi zen arte milaka pertsona eta turista pasa ziren bai denda bai pianoa bisitatzeko.
Chocolat

2000 urtean estreinatutako filma berezi honetan Juliette Binoche da “Chocolaterie Maya” ireki duen enpresari gaztea. Dendak berak eta bertan saltzen diren produktu gozoek herriko bizimoduan egundoko eragina edukiko dute; denda pixkanaka-pixkanaka istorioaren kokaleku bihurtuko da, herritar batzuentzat zoragarria izango da, beste batzuentzat, ordea, deabruzko obra bat.
Delicatessen

1991 urtean estreinatutako film honetan auzokide guztien janari iturri bakarra eraikuntzan dagoen haragi-denda da, Delicatessen-a, baina bertan saltzen den haragia ez da Labelekoa. Hala eta guztiz ere, jan egin behar dute eta behar den guztia egingo dute denda irekita eta haragiz beteta egon dadin.
Desayuno con Diamantes
SINOPSIA: Holly Golightly (Audrey Hepburn) oso emakume nabarmena da eta egunero gosaria hartzen du Tiffany's bitxi-dendako erakusleihoaren aurrean. Bere bizitza guztiz aldatuko da Paul Varjack (George Peppard), bere auzokide berria, ezagutu eta gero.
Filmografiaren klasikoa, 1961 urtean estreinatua, Holly eta Paul bere bi protagonisten artean gertatuko den istorio erromantikoa kontatu zaigu. Egia da Tiffany's bitxi-denda ez dela narrazioaren puntu garrantzitsuena, baina izena ematen dio filmari bere bertsio originalean: Breakfast at Tiffany’s.
Denda hau egiazkoa zen 1961 urtean (eta da oraindik), New York-era joaten bazara bere Bosgarren etorbideko 727 zenbakian aurkituko duzu, eta gura baduzu croissant bat jan dezakezu erakusleihoaren aurrean zure gosaria diamanteekin propio gozatzeko.
EGILEA:
Borja Escalona
Merkataritzarako Teknikaria
Gernika-Lumoko Merkataritzako Bulego Teknikoak sortua
ZURE USTEZ BERRI HAU INTERESGARRIA DA ZABALDU INTERNET-EN:
![]() | ![]() | ![]() | ![]() | ![]() | ![]() | ![]() | ![]() |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina